Euskal gaztak 11

Euskal gaztak arrakasta handia izan dute World Cheese Awards lehiaketan

Euskal gaztak 11

Artzai Gazta Elkartearen eskutik Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdia bigarren egunean barneratu da. Jaialdia arrakastatsua izaten ari da euskal gaztentzat.  29 edizioetako onenak bildu dituen Champions of the champions lehiaketan, Ossau Iraty Agour gaztandegiak meritu handiko bigarren postua lortu du. Artzai Gazta eta Idiazabal Jatorri Izendapena duten 230 gazta aurkeztu dira World Cheese Awards lehiaketara. Lehen estimazioen arabera 70 gazta inguru izan dira sarituak. Baztarrikak (Gipuzkoa) eta Santa Mañek (Bizkaia) Super Gold kategorizazioa jaso dute. Eguneko beste protagonista Artzai Gazta Nazioarteko Artzaintzaren Lehen Topaketa izan da.

Artzai Gazta Elkartearen eskutik Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdia bigarren egunean murgildu da. Zifra ofizialak oraindik jakiteko badaude ere, jende asko ari da hurbiltzen gaztaren gazteluan bilakatu den Kursaal Jauregira. Horrela, gazta ekoizleen, nazioarteko dastatzaileen, sukaldaritza berri eta tradizionaleko sukaldarien, artzaien, gazta zaleen eta komunikabideen topagune bilakatu da.

Zalantzarik ez da jaialdia arrakastatsua izaten ari dela euskal gaztentzat. Horren isla izan dira World Cheese Awards sariak. Orotara, Artzai Gazta eta Idiazabal Jatorri Izendapena duten 230 gazta aurkeztu dira lehiaketara. Lehen estimazioen arabera 70 gazta inguruk jaso dute sariren bat. Baztarrika (Gipuzkoa) eta Santa Mañe Elkarteak (Bizkaia) Super Gold kategorizazioa eskuratu dute. Hala eta guztiz ere, W.C.A-ko antolatzaileen zerrendak jasotzean emango dira datu zehatzak.

Bestalde, World Cheese Awardseko 29 edizioetako txapeldunak bildu dituen Champions of the champions lehiaketan Agour euskal gaztandegiak parte hartu du. Peio Etxelekuren gaztandegiak merito handiko bigarren postua eskuratu du, 68 puntu pilatuta.

Artzai Gazta Artzaintzaren Nazioarteko Lehen Topaketa

Artzainen lana balorean jarriz, lehenengoz, Artzai Gazta Artzaintzaren Nazioarteko Lehen Topaketa izaten ari da eguneko beste protagonista nagusia. Bertan bildu dira landa sektorean lanean ari diren teknikoak eta artzainak, taldean etorkizunari buruz gogoeta egiteko. Taldearen, kolektiboaren eta komunitatearen kontzeptuak ardatz hartuta esperientzia lokalak nazioarteko ereduekin konpartitzen ari dira.

Eztabaidak, proposamenak eta esperientziak egungo artzaintzaren inguruan. Nekazaritza eta gizartea garatzeko abeltzainak babestu eta sustatzen dituzten udalerrien Europar RED-AREQ Sarearen aurkezpena, baita garapen biojasangarriruntz doazen negozio eredu berriak.

Besteak beste, ondorengoa ari dira lantzen bertan: artzaintza ikuspegi publikotik, naturaren ikuspegitik, Artzai Gazta Manifestuaren irakurketa, komunikazioa etorkizuneko kontsumitzaileei begira, Artzai Gazten lan-esperientzia eta etorkizuneko erronkak, eredu ekonomiko komertzialen adibideak, baita ikus-entzunezko proiekzioak ere.

Artzai Gazta Elkartea: 35 urteko kalitatea eta bermea

1980ko hamarkadaren erdialdetik hona artzainek modu artisauan eta latxa esne gordinez ekoizten duten gaztaren kalitatea hobetu eta produktu honen nortasunaren aldarria egiteko lanetan ari da Artzai Gazta Elkartea. Ohituran, naturan eta kulturan oinarritutako filosofia defendatuz eta honen inguruan lan eginez, gure mugetatik haratago ezagunak izatera iritsi dira.

Egun, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 116 artzain gaztagilek osatzen dute elkartea, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztaren %50 ekoizten dutenak besteak beste. Baina artzain guztiak ez dira Idiazabal gaztaren ekoizle, eta horretan datza elkarte honen aberastasuna: mota ezberdineko gaztak egiten dituzten ekoizleak elkarrekin lanean aritzea.